Kooperatibak 30 milioi euro inbertituko ditu Kunshango (Txina) poligonoan lantegia eraikitzeko. 2012tik aurrera martxan izango da.
Automozioko sektorerako osagaiak egiten dituen FagorEderlan kooperatibak fabrika berria inauguratuko du Txinan, datorren urtean. Lantegia MONDRAGONek Shangaitik hurbil, Kunshanen, duen industria-poligonoan egongo da kokatuta. Bere Inbertsio-zifra 30 milioi eurotara iritsiko da.
Lantegia eraikitzeko lanak abian dira dagoeneko. LKS Ingeniaritza ari da proiektua zuzentzen eta fabrikazio-jarduna 2012an hasiko dela aurreikusten da. Erabat mekanizatutako portamangetak fabrikatuko dira. Lantegiaren jardueraren zabalkunde-planak mekanizazio-jardueren geroko garapena ere hartzen du beste produktu batzuetarako, hala nola, burdinazko portamangetak eta balazta diskoak, 2013 eta 2014 urteen bitartean. Aurreikuspenen arabera bi milioi portamangetatik (gehienak aluminiozkoak) eta milioi erdi diskotik gora produzituko dira.
Lantegi berriak, martxan eta errendimendu betean jarritakoan, 100 langile inguru izango ditu.
Lantegi berri honekin Fagor Ederlanek hornitzaile globalaren posizioa sendotuko du. Izan ere, 16 produkzio-ezarpen izango ditu, AEBn eta Korean garatutako aliantzez gain.
Azkenik, FagorEderlan Group-ek 2010eko ekitaldiaren amaieran 684 milioi euroko salmentak eta 3.500 langile izan zituela azpimarratu behar da.
FagorEderlan, hornitzaile globala
FagorEderlanKunshan 2008an hasitako prozesuaren bukaera izango da. Orduan, General Motors-en Delta proiektuaren bidez, lehenengo salmenta zuzenak egin ziren Txinan. Proiektu garrantzitsu honetan, Fagor Ederlan, aluminiozko portamangeten diseinuaren maila globaleko hornitzaile izateaz gain, pieza eskualde guztietan hornitzeko ardura zuen hornitzaile globala zen. Hori lortzeko, FagorEderlanek merkatu ez europarretarako produkzio-aliantzen sarea garatu zuen, Korea, Txina eta AEB bezalako merkatuetan, bezeroak behar zuen erantzun globala bermatuko zuten hirugarrenekin, hornidura europar guztia Euskal Herriko lantegietan zentralizatuta. Proiektu honen 3 milioi portamangetako kopurua lortuko du eta Ederlan, aluminiozko portamangeten merkatuan, Europako erreferentziadun hornitzaile gisa kokatuko du.